XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer?- egin zion oihu mamuak.

Horren azkar itzali nahi al duzu, zeure esku lurtarrez, dariodan argia?.

Ez al duzu aski zeure grina txarrez ehundu eta honenbeste urtez bekainetaraino sarturik erabili behar izateaz?.

Iraintzeko nahiz gogoz kontra txanoturik edukitzeko asmo guztiak gizalegez ukatu zizkion.

Gero zerbait ausarturik, zer egitekok beregana ekarri zuen galdegin zion.

- Zeure onak - erantzun zion mamuak.

Scroogek esker ona agertu zion baina ez zuen inola ulertu ahal izan, lorik gabeko gau batek nola zuzen zezakeen helburu honetara.

Mamuak, buruan zuena aditu edo egin zion, honela esan bait zuen: - Gero gerokoak! Zalbiltza bizkor orain!.

Hau esatean bere esku indartsua hedatu eta biguinki besotik heldu zion.

- Zutik! Goazen biok!.

Alferrik zukeen Scroogek ordua eta giroa ibilketarako egokiak ez zirela esatea edota ohea epela zegoela, termometroa izotz mugaz behetik ikusten zuela, oinetako atal, gaueko jantzi eta txanoarekin arin jantzirik aurkitzen zela, gainera, burutik beherako bikain bat ere bazuela esatea.

Dena alferrik! Heldura hura, nahiz eta emakume eskuarena bezain biguna izan, ez zen kontra egin lekiekeen horietakoa.

Zutitu zen: baina mamuak leihorantz zeramala ohartzean, arrenka jantziari itsatsi zitzaion.